Euskal Herriak kirola pasioz bizi du, gure kirolarien garaipen bakoitzarekin hunkitu eta historia luzea dauka kirol ezberdinetan profesional zein amateur gisa. Gure kirolarien garaipen bakoitza aukera bat izan da, historikoki, herri hau batu eta harremanak sendotzeko.
Gure herrian kirolaren bitartez hainbat balore landu eta transmititzen dira, hala nola begirunea, parte hartzea, aniztasuna edo integrazioa. Nortasun kolektiboak sortzeko tresna funtsezkoa da. Kirolari profesionalak, amateurrak, klubak, elkarteak, federazioak, antolatzaileak, oinarrizko egiturak, zaletuen taldeak edota bestelako kolektiboek ekosistema aberatsa osatzen dute, garaian garaikoari egokitua.
Munduaren aurrean agertu eta harrotasunerako zioa da kirola, nazioarteko ordezkaritza eta gure nazioaren marka erakusteko. Hala ere, gure kirolariek Euskal Herrian beraien bidea garatzeko behar beharrezkoa da sustengua eskaini laguntzak areagotzea, egiturak sortzea, baliabideak eskaintzea. Askok, bere ametsa gauzatzeko Euskal Herritik kanpora jo behar izan dute, tamalez.
Era berean, Euskal Herria nazioarteko lehiaketa handien lekuko eta egoitza bilakatu da urteotan: 2014ko Saskibaloi mundiala, 2018ko Rugby finala, jauzien nazioarteko serieak, Espainiako Vuelta, Frantziako Tourra edo begi aurrean dugun Eurokopa.
Ekitaldi hauek guztiek ospe eta hedapen haundia daukate; talde, ekipo edo selekzioei dagokinean. Eta hutsune nabarmen bat dakusagu hauetan: euskal selekzioa. Edozein kiroletan, beste nazioen modura, gureak ere nazioartean lehiatzeko parte hartzeko eskubideak onarpen zabala dauka gure artean. Euskal selekzioek nazioartean ofizialki parte hartzea aldarrikatzen dugu.
Munduaren aurrean aurkezteko modurik onena litzateke, kirolarien garapena -formazioan, lehiaketetan eta profesionalki- bermatuko lukeena. Ez dugu inoren aurka egin nahi, gurea babestu eta aldarrikatu nahi dugu soilik. Nazioarteko aitortza bat, gure selekzioek jokatu eta lehiatzeko eskubidea izan dezaten, eta guk euskal selekzioa eta gure kirolariak babestu eta animatzeko.
Bitartean, kirol jarduera ezberdinen ofizialtasunaren alde; lan diplomatikoa, juridikoa eta kirol mailan lanean jarraitu behar dugu, etsi gabe. Eta Euskal Herrian burutzen diren nazioarteko froga ezberdinetan -Eurokopa kasu- gure ikur eta mezuekin munduari agertu gura diogu guk ere lehian parte hartzeko eskubidea daukagula.
Horregatik, Aberrigintzan Talde Kulturaletik Gu Ere Bai manifestua sinatzeko deia egiten dugu
